Zer da lanki?

ZER DA LANKI KOOPERATIBISMOAREN IKERTEGIA?

 

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eskoriatzako campusean dago kokatuta LANKI Kooperatibismoaren Ikertegia. Hiru helburu nagusirekin sortu genuen ikertegia 2001. urtean:

  1. Arrasateko esperientzia kooperatiboa eta, oro har, mugimendu kooperatibista aztertzea.
  2. Ekonomia sozial eta solidarioa sustatzea.
  3. Gizarte-berrikuntza eta autoeraketa bultzatzea.

Kooperatibek enpresa logikak eta giza balioak uztartzen dituzte, alde horretatik, sinetsita gaude kooperatibismoa ekonomian jarduteko eta gizartea antolatzeko tresna baliagarria dela. Horregatik, LANKI Kooperatibismoaren Ikertegian ari gara, gaur egungo erronketatik abiatuta, kooperatibismoaren berezko ezaugarriak berritzen eta sendotzen XXI. mendeko kooperatibismoa eraikitze aldera. Hori guztia elkarlanean eta esperientziak partekatuz.

Bi betebehar nagusi ditugu LANKI Kooperatibismoaren Ikertegian: lehena, unibertsitateko ezagutza eta kooperatiben praktika uztartzea; eta, bigarrena, bertako zein kanpoko errealitate kooperatiboan eragitea. Honako baliabideak ditugu horretarako: hezkuntza kooperatiboa, ikerketa eta aholkularitza, eta zabalkundea. Denak ala denak asmo nagusiago bat gauzatzeko: kooperatibismoa biziberritu eta urte hauetan guztietan kooperatibismoari buruz metatu dugun ezagutza eta esperientzia konpartitzea espazio ezberdinetan.

Kooperatibismoaren gaineko prestakuntzan, inoizko eskarmentua dugu: 12.000 kooperatibista baino gehiagok hartu dute parte gure formazio, lan saio edo neurrira egindako ikastaroetan. Horrez gain, eskaintza unibertsitarioa ere badugu: masterrak, aditu tituluak eta profesionalei zuzendutako zenbait ikastaro.

Kooperatibismoaren ikerkuntza eta aholkularitzan du LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak bigarren indargunea. Erabat estua da gure harremana gizarte, enpresa, erakunde publiko eta mugimendu kooperatiboko eragileekin. Izan ere, ikertu eta era berean jakintza hori transferitzea da taldearen xedeetariko bat. Hala, urte hauetan guztietan LANKI Kooperatibismoaren Ikertegitik ikertegitik dozenaka proiektu, ikerketa eta aholkularitza lan gidatu ditugu.

Baina horrez gain, kooperatibismoak behar du zabalkundea, hau da, jendartera iristea. Lan horretan ere gogor dihardugu: aldizkariak, liburuak, artikuluak, ikus-entzunezkoak… era askotako ekoizpenak kaleratzen ditugu paperean zein euskarri digitalean. Horiek guztiek helburua argia dute: jauzi bat egitea esparru akademikotik gizartera.

Egun, hamar irakasle-ikertzaile baino gehiago gabiltza lanean LANKI Kooperatibismoaren Ikertegian.

 

Harremanetarako

Ainara Udaondo

 audaondo@mondragon.edu

Jarraitu gaitzazu