Nor gara

Nor gara

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko Eskoriatzako campusean dago kokatuta LANKI Kooperatibismoaren Ikertegia. Hiru helburu nagusirekin sortu genuen ikertegia 2001. urtean:

  1. Kooperatibismoaren ikerketa, ardaztuta Arrasateko esperientzia kooperatiboaren azterketan eta analisian.
  2. Hezkuntza kooperatiboaren berrikuntza eta garapena. Material didaktikoak ekoiztea, eta prestakuntza kooperatiboko programak diseinatzea eta garatzea.
  3. Aholkularitza, transferentzia eta laguntza eskaintzea kooperatibaren gizarte eta enpresa proiektua garatzeko.

Kooperatibek enpresa logikak eta giza balioak uztartzen dituzte, alde horretatik, sinetsita gaude kooperatibismoa ekonomian jarduteko eta gizartea antolatzeko tresna baliagarria dela. Horregatik, LANKI Kooperatibismoaren Ikertegian ari gara, gaur egungo erronketatik abiatuta, kooperatibismoaren berezko ezaugarriak berritzen eta sendotzen XXI. mendeko kooperatibismoa eraikitze aldera. Hori guztia elkarlanean eta esperientziak partekatuz.

Bi betebehar nagusi ditugu LANKI Kooperatibismoaren Ikertegian: lehena, unibertsitateko ezagutza eta kooperatiben praktika uztartzea; eta, bigarrena, bertako zein kanpoko errealitate kooperatiboan eragitea. Honako baliabideak ditugu horretarako: hezkuntza kooperatiboa, ikerketa eta aholkularitza, eta zabalkundea. Denak ala denak asmo nagusiago bat gauzatzeko: kooperatibismoa biziberritu eta urte hauetan guztietan kooperatibismoari buruz metatu dugun ezagutza eta esperientzia konpartitzea espazio ezberdinetan.

Kooperatibismoaren gaineko prestakuntzan, inoizko eskarmentua dugu: 12.000 kooperatibista baino gehiagok hartu dute parte gure formazio, lan saio edo neurrira egindako ikastaroetan. Horrez gain, eskaintza unibertsitarioa ere badugu: masterrak, aditu tituluak eta profesionalei zuzendutako zenbait ikastaro.

Kooperatibismoaren ikerkuntza eta aholkularitzan du LANKI Kooperatibismoaren Ikertegiak bigarren indargunea. Erabat estua da gure harremana gizarte, enpresa, erakunde publiko eta mugimendu kooperatiboko eragileekin. Izan ere, ikertu eta era berean jakintza hori transferitzea da taldearen xedeetariko bat. Hala, urte hauetan guztietan LANKI Kooperatibismoaren Ikertegitik ikertegitik dozenaka proiektu, ikerketa eta aholkularitza lan gidatu ditugu.

Baina horrez gain, kooperatibismoak behar du zabalkundea, hau da, jendartera iristea. Lan horretan ere gogor dihardugu: aldizkariak, liburuak, artikuluak, ikus-entzunezkoak… era askotako ekoizpenak kaleratzen ditugu paperean zein euskarri digitalean. Horiek guztiek helburua argia dute: jauzi bat egitea esparru akademikotik gizartera.

Egun, hamabost profesional inguru gabiltza lanean LANKI Kooperatibismoaren Ikertegian.

 

Harremanetarako

Ainara Udaondo

 audaondo@mondragon.edu

Dorleta z/g. 20540 Eskoriatza (Gipuzkoa)

Jarraitu gaitzazu